Bertsolaritzak bat-batekotasuna eskatzen du, baina ikasgelan lehentasuna bertsoa bota aurretik norbanakoak egin behar duen bakarkako zein taldekako lanketari ematen diogu. Hitzekin eta doinuekin jolas eginez, ikasleak edozein gairen inguruan pentsatzen eta hausnartzen jartzeko tresna aproposa da.
Bertsolaritza irakasgaia aukera paregabea da ikasleak euskal kulturan murgiltzeko eta euskara, legitimitatea duen beste edozein hizkuntza bezala, erdigunean jartzeko. Biharko egunean gaurko ikasleak izango dira euskal kulturaren bultzatzaileak eta txikitatik bertsolaritzara gerturatzeak eragin positiboa izan dezake. Hori bideratzeko hamabostero bertsolaria etortzen da ikastetxera Gabonetan, Santa Ageda bezperan eta Kurtso Bukaerako Jaialdian jendaurrean egiten ditugun emanaldiak prestatzen laguntzeko. Gainera, normalkuntzarako bidean, hizkuntza gutxituen inguruko kontzientzia hartzeko aukera ere ematen du.